«Umiltasun osoz irtengo gara bihar berdegunera, final bat jokatzera»

«Umiltasun osoz irtengo gara bihar berdegunera, final bat jokatzera»

Xabi Urzelai 2016-05-27 09:43

 

Zapatuan Mojategiko harmailek denboraldiko itxura ederrenetakoa erakutsiko dute, asko izango direlako urteko azken partiduan talde zuri-morea gertutik babestu gurako dutenak. Josu Zubiarekin izan gara, bezperan.

Futbol jaia izango da harmailetan, baina berdegunean gertatuko denak gutxi izango du jaitik, partidua amaitu arte ez, behintzat, Josu Zubiak (Aretxabaleta, 1975) ez duelako konfiantzarik gura: «Pasaiatik emaitza ona ekarri dugu, egia da hori, baina oraindik ez dugu ezer lortu».

Ze sentsazio edo sentipen duzu biharko partidura begira?
Alde batetik, urte osoko lana partidu batean jokoan egongo denaren sentsazioa daukat, eta horrek urduritasun puntu bat ematen du. Baina urduri baino partidua jokatzeko gogoz gaude, eta urte osoko helburua betetzeko gogoz, kategoriaz igotzea.

Larregiko konfiantza izan daiteke zapatuan Mondrak izan dezakeen etsairik handiena?
Etsaietako bat izan daiteke, bai. Baina garbi daukat gurea oso talde umila dela, eta jokalariek ez dutela kanporaketa gainditutzat emango. Emaitza positibo bat batzetik gatoz, baina hori ez dadila gure kontran etorri. Ligako azken partiduan, Urolaren kontra etxean jokatu genuen hartan euforia puntu hori igarri nuen jendearengan, baina hori normala ere bada. Futbola joko bat da, azken batean. Baina taldekideok kontuz ibili behar dugu. Zaleak gogotsu egotea normala da, baina gu final bat jokatzera irtengo gara, umiltasun osoz. Oraindik ez dago ezer eginda.

Zenbat balio du Mikel Aizpuruak Trintxerpen faltaz egin zuen 1-2koak?
Izugarrizko balioa dauka, sekulakoa. Jendeak aipatzen zuen Pasaian berdintzea oso emaitza ona izango litzatekeela, baina 1-2koak etxeko partidura begira askoz ere gehiago laguntzen digu.

Bihar Sanpedrotarrak erasora jokatzera derrigortuta dagoelako.
Hori da. Etxetik kanpora Sanpedrotarrak lau alditan ikusi dut jokatzen, eta lauretan modu berean egin izan dute, atzean gordeta. Horrek biharko partidurako ez die balio, aurrera egitera derrigortuta daudelako, eta hor min egiteko kapaz gara. Joanekoan jokalariei esan nien kontrariorik txarrena tokatu zitzaigula, eta eurena futbol zelai txarrena zela. Eta hala ere, Zestoaren, Zumaiaren edo Urolaren kontra egin genuen moduan Sanpedrotarraken zelaian ere irabazteko gauza izan ginen. Orain gure ezaugarrietara hobeto moldatzen den partidua izango dugu.

Mojategin zaleen babesa izango duzue.
Zalantza barik. Gainera, ordua da Arrasateko zaleei poztasun bat emateko, azken urteak ez direlako errazak izan. Baina emozio horiek kudeatzen jakin behar dugu. Partiduan kontzentratuta egoten jakin, eta lehia aldapa gora jartzen bazaigu ere lasai egoten asmatu. Arlo horiek ere asko landu ditugu, eta talde heldua gara. Iaz aurpegiratzen ziguten galtzen hasten ginen partiduetan ez ginela gauza egoerari buelta emateko, eta hori aldatu egin da aurten. Txarto hasten bagara ere, egoerari buelta emateko gertu gaude.

 

P1040865_content

 

Non dago talde honen indarra?
Jokalariek erakutsi duten lanerako konpromisoan. Pribilegiatu hutsa naiz jokalari hauek entrenatzeko aukera izan dudalako, garbi daukat hori. Entrenamendu bakoitzean 20 lagun izan ditut lanerako prest, eta horrek izugarri laguntzen du. Gainera, ez nik bakarrik, uste dut nire aurretik egon zen Gotzon Urzelaik ere lan galanta egin zuela. Batez ere kategoria galdu ostean talde bat sortzeko gauza izan zelako. Nire ardura izan da urte eta erdi honetan talde hori osatzen joatea. Eta bestalde, benetako talde bat izan garela eta minutuak oso banatuta egon direla: datu bat, 22 jardunalditan ez dugu hamaikako bat errepikatu. Horrek esan gura du minutuak oso banatuta egon direla.

Talde nagusiak azken hamarkadan izan duen ibilbidea ikusita, dagoeneko entrenatzaile talisman bilakatu zara zuri-moreendako.
[Barreak] Beno, ez nuke horrenbeste esango. Guztira hamar urte egin ditut Mondran, bi sasoitan banatuta. Lehenengoan harrobiarekin hasi nintzen, eta lehenengo taldearen ardura hartu eta mailaz igo genuen. Orain urte eta erdi daramat. Egia da etxean moduan sentitzen naizela Mondran; asko eskertzen dut garai batean Patxi Yarzak eta Jose Luis Ezkurrak nigan erakutsi zuten konfiantza, eta orain Ramon Azkaratek, Garaik eta Abelek erakutsi dutena.

 

P1040869_content

Datorren urtera begira, egin dozue berba?

Bada, oraindik ez. Egia da aurtengo urtea desgaste handikoa izan dela, ezin genuelako hutsik egin, eta hori nekagarria da. Oraingoz, zapatuko partidua baino ez dut buruan. Izango dugu berba egiteko astia.

 

http://goiena.eus/debagoiena/1464334776332