Josu Zubia: “Talde honek daukan sekretua, jokalariek duten konpromisoa da”

Josu Zubia: “Talde honek daukan sekretua, jokalariek duten konpromisoa da”

Elkarrizketa eta Argazkiak: Jokin Etxebarria; Bideoa: Josu Zubia; 2016/05/26

 

 

2002-03 denboraldian Josu Zubiak Mondra mailaz igo zuen. Arrasateko taldeak igoera bat lortu duen azken urtea izan zen hori. Orduko Preferente mailara igo zen. Zapatu honetan lorpen berdina eskuratu dezake, gaur egungo Preferentetik Ohorezko Maila Erregionalera.

–    Nola bizi du batek horrelako aste bat, partidu baten baitan, eta dakarzuen emaitza oso positiboa dela kontutan hartuta, horren lorpen handia jokoan daukazuenean?
“Zapatua heltzeko sekulako irrikekin. Egia da aurreko astean emaitza oso positiboa lortu genuela eta esan dezakegula lan erdia baino gehiago egin dugula, baina errealitateak beste norabide batera zaramatza, astelehenean zerotik hasiko bagina moduan hasi genituelako entrenamenduak. Ez dugu uste, ezta gutxiago ere, hau egina dagoela eta badakigu lan asko egin beharko dugula. Beraz, lan egin beharra dago eta hori partidaren planteamendutik hasten da. Horretan gaude zentraturik, joanekoarekin ez duelako zer ikusirik partidak eta jokalariekin asko hitz egin dugu. Baina partida hasteko gogoekin gaude, gainera etxean jokatzen dugu, zaleen aurrean eta ia partida amaieran helburua lortuta daukagula esaterik dugun.”

–    Entrenatzaileak daukan erantzukizunagatik agian lan horretan zentraturik egotea errazago eraman dezake. Jokalariak?

“Guk egin behar dugun lehen gauza taldea psikologikoki prestatzea da eta astelehenak gaiztoaren paperean jartzen pasa ditut azken aldian. Nire helburua jokalariek kontra bihurtu daitezkeen egoerak barneratzea izan da gerora hori pasaz gero erreakzionatzen jakin dezaten. Horrela izan zen pasa den astean, horrela baita Urolaren kontrako partidaren aurretik eta ondo atera zaigu. Hortik aurrera aspektu taktikoak ere lantzen ditugu, baina nik uste jokalariek beraiek oso argi dutela nola jokatu beharra daukaten. Urduritasun pixka bat nabaritzen zaie normala den moduan, baina oso motibatuta eta guztiz zentratuta daude. Uste dut taldeak aurrerapausoak eman dituela bata bestearen atzetik, asko hazi dela eta larunbatean harmailak Urolaren kontra bezala ikusi ahal izateak ikaragarrizko poztasuna sortzen du jokalariengan eta zer esanik ez helburua lortzen bada zer nolako jaia bizi dezakegun jakiteak.”

 

590_JosuZubia1

 

–    Partidako gakoa Mondra Mondra izatean dagoela esan daiteke?
“Hori da, uste dut bertuteak gabetasunak baino gehiago ditugula uste dut eta lortuz gero gu izatea eta azken partidan jokatu genuen bezala jokatzea asko izango dugula irabazita. Hori bai, eta emaitza txar batzuek ere aldeko izan ahal ditugula jakinda ere, partida bakar bat bezala planteatu behar dugu norgehiagoka, gure zaleen aurrean irabazi behar dugun final bat bailitzan. Dagoeneko sei final jokatu ditugu jarraian. Bergaran galdu eta gero, hirugarrenari puntu bat atera ahal izateko bost partida segidan irabazi behar izan ditugu eta horrek taldeari asko balio izan dio. Lehen, zelai txikitan, atzean sartzen ziren taldeen aurka sufritu egiten genuen, baina egoera horri buelta emateko balio izan digu azken txanpak eta San Pedron jokatutako partida da horren adibide. Futbolak aurkari zailena jarri nahi izan digu aurrean, zelai txiki batean, eta estrategia jokalditan iaioa den talde bat. Aurrerapauso itzela eman genuen aurreko astean, orain errematea falta da.”

–    Ezin hobeto jarri zaizue hala ere, zuen joko molderako ona baita kontrarioak gutxienez 0 eta 2koa lortzera etorri behar izatea.
“Joaneko partidaren aurretik galdetu zenidan ia berdinketarekin konformatzen ginen eta erantzuna 1 eta 2koa hobea zela izan zen. Hori lortu genuen. Egia da, beraien taldeak bigarren zatietan behera egiten duela fisikoki eta partidako gakoa izan daiteke lehen 20 minutuetan ondo eustea. Berdinketarekin bada, horrela izan dadila, baina eutsi eta partidan sartuta egotea. Hori lortzen badugu, eta gure jokoa erakusten badugu, bigarren zatian behera egin dezaketelakoan nago, ez delako berdina beraien zelaian edo Mojategin jokatzea. Beraiek iniziatiba eramatera eta erasora jokatzera behartuta daude eta guk hutsuneak aurkituz gero min handia egin dezakegu. Partida ondo prestatu dugula uste dut eta espero prestatu moduan irtetea gauzak.”

–    Zein da Josu Zubiaren tekla magikoa? Jokalariek diote ia-ia koadrila bat gehiago dela taldea eta horrek asko laguntzen duela.

“Nik ez dut ezer berezirik lortu, azken finean lortu den dena taldean egin da. Bueltatu nintzenean argi esan nien ez nekiela zenbat denbora egongo nintzen beraiekin baina hasieratik amaiera arte disfrutatu nahi nuela eta beraiek berdina egin zezatela eskatu nien. Eta uste dut talde honek duen sekretua dala batez ere jokalari guztiek duten konpromisoa. Ikaragarria da entrenamenduz entrenamendu egiten duten lana, denak doaz buru-belarri eskatzen zaienarekin. Eta egia da zuk diozuna ere. Lagun talde bat dago, bakoitza bere rolarekin eta guztiak sentitzen dira garrantzitsu. Egia da ez dudala denboraldi guztian zehar hamaikako bat errepikatu, badakidalako zelaira irteten denak ondo egingo duela eta horrek agian jendea entxufatu egin du gehiago, baina guzti hori duten konpromisoa gabe ez genuen lortuko.”

 

590_JosuZubia2

 

–    Konparatze aldera, orain 13 urte igoera lortu zuen talde harekin. Berdintasun asko daudela esan genezake ezta?
“Hura ere talde itzela zen. Egia da orduan lortu genuen talde izaera oraingoarekin antza handia duela. Orduan generazio oso bat igo zen jubeniletatik, 14 bat jokalari, baina beteranoekin ondo uztartu ziren. Denak ematen zioten zerbait positiboa taldeari. Eta sekulako oreka lortu genuen. Eta aurten ere antzerako zerbait esan genezake. Badaude beteranoak, Ander, Lopez, “Zaba”… jokatu ala ez jokatu taldeari dena ematen diote eta hori gazteentzat ere ikasgai ona da, kontagiatu egiten direlako. Gainera, gazteak berak ikusten duenean nolabaiteko erantzukizuna badaukala eta momentu konkretu batean bera izan behar dela taldetik tiratzen duena…horrek hazten laguntzen dio. Beterano eta gazteen artean lortu dugun oreka horrek segurtasuna eman dio taldeari eta baita poztasuna ere momentu askotan, denak ematen diotelako taldeari.

–    Helburua lortzeko oso gertu zaudete, baina jarri gaitezen okerrenean, Sanpedrotarrak egundoko partida egin eta kanporatu egiten zaituztela. Denboraldiaren nota aldatuko litzateke?
“Azken emaitzak sekulako garrantzia dauka noski eta argi daukagu helburua igotzea dela. Baina denboraldi batean 65 puntu egin dituzunean, liderrak bezain beste, 20 partida irabazita, galdutako partidak justu-justu izan direla, gol gehien sartu duzun taldea zarela jakinda eta gol gutxien jaso dituen bigarren taldea zarela… azken emaitza hori, dela delakoa, notak bikain bat izan behar du.”

 

590_JosuZubia3
–    Mondrak eta Arrasate bezalako herri batek behar lukete egon gaur egun daudena baino maila altuago baten?
“Duda gabe. Mondra hor baldin badago da gauza batzuk ondo egin arren, beste batzuk ez direlako behar bezala egin. Baina horrelako herri batentzat eta ikusita kluba egiten ari den lana, goitik beheraino, zuzendaritzako kideetatik, futbol eskolan dauden 160 umeetaraino, uste dut gutxienez Ohorezko Maila erregionalean egotea merezi duela. Hortik aurrera etortzen dena ondo etorri izango da, baina gutxienez maila hori eduki beharko luke. Uste dut bere lekua ez dela Preferente maila, baina batez ere egiten ari den lanagatik. ezin dugu ahaztu, gu igo ezkero, bigarren taldeak ere gora egingo duela, egin duen denboraldi bikainagatik eta atzetik datozenak ere ederki dabiltza.

Mil esker Mondraberri eta Josu Zubiari elkarrizketa interesgarri honegaitik!

Aldagela leku sakratua omen da; hau Mondraren aldagela da Urolaren aurkako partidaren aurretik. Kamiseta bakoitzaren gainean, jokalari bakoitzak denboraldi hasieran taldeari jarritako balore bat azaltzen da.

 

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=4729108&menuId=6552699&onlypath=true