Jardunaldia ez da ondo joan Mondrarentzat

Jardunaldia ez da ondo joan Mondrarentzat

Iturria: Mondraberri , Testua: Koldo Carrillo/Argazkia: Mondraberri- 2016/01/24

Zuri-moreek merezi ez arren, 2-1eko porrota jaso zuten atzo, zapatua, Azpeitian. Hori gutxi ez balitz, arerio zuzenek garaipena lortu dute jardunaldi honetan.

Lagun Onak taldearen kontra jokatu zuen atzo, zapatua, Mondrak. Zuri-moreek ondo ibili ziren berdegunean eta gehixeago merezi izan bazuten ere, esku hutsik itzuli ziren etxera, 2-1 galdu ostean. Josu Zubia entrenatzaileak adierazi digunez, azpeitiarrek norgehiagokan zehar izandako aukerak aprobetxatu zituzten eta zentzu horretan, zuhurrago ibili zen etxeko taldea.

Falta zuzenez lortu zuen 1-0ekoa Lagun Onak taldeak eta momentu horretan,arinkeria nagusitu zen Mondraren jokoan. Hala ere, bigarren zatian hobera egin zuen talde arrasatearrak, baina zuri-moreek arerioaren bigarren golarekin egin zuten topo. Arrasatearren gola ia norgehiagokaren amaieran iritsi zen, Mikel Aizpuruaren eskutik.

Pena izan zen atzoko porrota eta arrasatearrek ez zituzten aprobetxatu izandako aukerak. Mondraren porrotari arerio zuzenen garaipena gehitu behar zaio. Izan ere, Amaikak Bat liderrak, atzo irabazi ostean, 8 puntura ireki du Mondrarekiko tartea eta bestetik, Urola hirugarren sailkatuak eta Ikasberri laugarrenak, garaipena lortu dute etxetik kanpo. Hala, Mondrak 36 puntu dituen bitartean, Urolak 33 ditu eta Ikasberrik, ostera, 30.

 

595

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=20412&menuId=6552699&onlypath=true