Hiru puntu gehiago, final bat gutxiago

Testua eta Argazkiak: Jokin Etxebarria; 2016/04/30
Josu Zubiaren mutilek Usurbil baino gehiago direla erakutsi zuten eta etxeko lanak eginez igoera playoffa jokatzeak euren esku jarraitzen du. Hori bai, arerio zuzenek ere ez dute huts egin.

Usurbil jaitsita dagoen taldea izanik ezer gutxi zeukan jokoan gaur Mojategin, baina partida eraz irabaziko duzula uste duzunean etorri ziren arazorik gehienak. Horregatik Mondrak, eta jokoan daukana jakinda gainera, gauzak ondo egin eta hiru puntuak eskuratzeko asmoz irten zen zelaira.

Lehen aukera baina, kanpokoek eduki zuten. Hori bai, hirugarren minuturako, aurreratu ziren etxekoak. Baloi luze batean, usurbildarren atezainaren irteera txarra aprobetxatu zuen Mikel Aizpuruak zuri-moreen lehena egiteko. Hortik aurrera Mondra oso nagusi agertu zen zelaian, aukera asko eta batzuk oso onak sortuz gainera. Sustoren bat ere eduki zuten, zelai erditik Usurbilgo jokalari batek baloia langara bota zuenean bezala, baina 36. minuturako Corcuk bigarrena sartu zuen bakarkako jokaldi bikain batekin. Ordurako, gol bat legez kanpo utzia zion epaileak Mondrari eta hiru baten kontrako erasoko jokaldi batean ere ezin izan zuten gola sartu Josu Zubiarenek.

Bigarren zatiak aurrenekoaren antz handia eduki zuen. Lehen aukera kanpokoentzat izan da, baina Mondra segituan egin zen partidaren jabe eta 65. minuturako Corcuk bere bigarrena eta etxekoen hirugarrena sartu zuen. Korner batean, kide batek buruz emandako pasea aurrelariak ere buruz errematatu eta sare barrura bota zuen baloia. Hortik eta amaiera arte, aukera handiegirik sortu gabe, baina partida kontrolpean eduki dute Josu Zubiarenek.

Azkenean 3-0. Hiru puntu garrantzitsu igoeran sinisten jarraitzeko. Eta badirudi gainera, hirunaka batzen jarraitu beharko duela Mondrak amets horri heltzen jarraitzeko, bere aurkari zuzenek ere ez dutelako huts egiten. Bergarak 1 eta 2 irabazi du Aretxabaletan 90 minutuak pasata zirela penalty bat sartuta; Urolak 3 eta 0 irabazi dio zestoari eta Amaikak Bat harrapatzea jada ezinezkoa da, gaur ere liderrak garaipena eskuratu baitu 2 eta 0. Datorren astean beraz, Zestoan garaipena eskuratzera behartuta daude zuri-moreak.

 

 

590_Mondra-Usurbil.jpg (id: 9665860)

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=9436578&menuId=6552699&onlypath=true