Esku hutsik itzuli dira zuri-moreak

Testua: Koldo Carrillo/Argazkia: Mondraberri- 2016/02/14

 

Atzokoa derbia izateaz gainera, Mondraren egoerak garaipena lortzera bultzatzen zituen zuri-moreak. Neurketa oso ondo hasi zen arrasatearrentzat, izan ere, Josu Diazek 0-1ekoa ezarri zuen markagailuan lehen zatiko 9. minutuan. Hala ere, UDA B taldeak ez zuen amore eman eta neurketa berdintzeko aukerak izan zituen, asmatu ez arren. Atsedenaldira iritsi aurretik, Mondrak bigarren gola sartzeko aukera garbia izan zuen, baina atezain aretxabaletarrak erantzun apartarekin bidali zuen baloia kornerrera.

Bigarren zatia hasi eta 5 minutura, epaileak penaltia adierazi zuen etxekoen alde eta UDA B taldeak banakoa ezarri zuen markagailuan. Gol honek min handia egin zion Mondrari eta hortik aurrera, arrasatearrak presarekin jokatzen hasi ziren. Josu Zubia entrenatzailearen arabera, Mondrak lasaitasun puntu hori behar izan zuen neurketa aurrera atera ahal izateko. Bigarren zatian, aretxabaletarrak hamar jokalarirekin geratu ziren berdegunean eta zuri-moreek erasoari ekin zioten gogor. Hala izanda ere, Mondrako mutilek ez zuten asmatu atearen aurrean eta halakoetan gertatu izaten den moduan, UDA B taldeak garaipenaren gola sartu zuen bigarren zatiko 30. minutuan.

 

595

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=2801791&menuId=6552699&onlypath=true