Azken unean iritsi zen Mondraren porrota

Azken unean iritsi zen Mondraren porrota

Testua: Jokin Etxebarria, Mondraberri, 2016/04/10; Argazkia: Ianol Beloki 2016-04-09 Goiena

Ez da asteburu ona izan Mondrako lehen taldearentzat. Bergaran jokatu beharreko derbyan esperantza handiak jarrita zeuzkaten Josu Zubairen mutilek, irabaziz gero esku puntekin ukituko bailukete igoerako playoffa jokatzeko txartela. Oraindik euren esku izaten jarraitzen dute eta fase erregularra amaitzeko 5 partida bakarrik gelditzen direnean asko da hori, baina Agorrosinen galdu izanak kolpe dezentea eman dio taldeari, gauzak asko zailtzeaz gain.

Berez, partida ez zen ona izan. Zelaia ez zegoen joko handietarako eta bi taldeek ere ez zuten aukera gehiegirik sortu. Agian, esan daiteke, Mondrak eraman zuela jokoaren pisurik gehiena, baina zuri-moreek ez zuten aukera garbiegirik sortu. Ezta mahoneroek ere. Bergarakoak oso indartsuak dira estrategia jokaldietan eta arrasatearrek beldurrik gehiena mota horretako jokaldiei zieten, baina defentsan oso sendo ibili ziren Mondrakoak. Partidak husna amaituko zuela zirudien eta bi taldeek egindako jokoari erreparatuz gero, emaitzarik justuena izango litzateke. Baina 91. minutuan etorri zen zorigaiztoko jokaldia. Josu Zubiaren mutilak ez ziren fin ibili aldaratze bat urruntzerako orduan eta etxekoek gola egin zuten.

Momentu honetan Mondrak jarraitzen du playoffa jokatzeko aukera ematen duen bigarren postuan, baina hirugarren den Bergara orain puntu bakarrera dago eta Urolak ere atzo irabazita aldea murriztu du, bi puntura gerturatuz. Beraz, datorren astean, etxean, jaisteko postuetatik ihesean dabilen Ilintxaren aurkako norgehiagokak berebiziko garrantzia hartu du.

Agorrosinen jokatutako derbyan 91. minutuan sartu zuen partidako gol bakarra Bergarak. Zaildu egin zaizkie Josu Zubiaren mutilei gauzak, baina oraindik euren esku dago playofferako sailkatzea.
BergarMondraDerbi_content