Maialen Lopez omendu dute Mondrako taldekideek

Maialen Lopez omendu dute Mondrako taldekideek

Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2016ko apirilak 23, zapatua

Maialen Lopez Mondrako jokalariak lesio larria izan zuen apirilaren 3an, Touringen aurkako partiduan.

Peronea apurtu zitzaion eta orkatilako ligamenduen lokadura sufritu zuen. Ondorioz, ospitalera eraman behar izan zuten.Atzo itxura hobearekin ikusi genion, muletak erabiltzen baina hobeto, eta gainera taldekideek omenaldi bat egin zioten, Amara Berriren aurkako partidua baino lehen.Mojategiko omenaldian taldekideek bi opari material egin zizkioten: Taldekideek sinatutako baloi bat eta taldearen argazki bat. Kapitainak esker onez eta hunkituta jaso zituen zelaiaren erdian.

 

Taldeko_'familia'_argazkia

 

Omenaldiaren ostean Maialenekin egon ahal izan ginen, eta azaldu zigun errekuperazioa ondo bidean doala:“Medikuek aste honetan esan didate ondo doala, eta horrek asko lasaitu nau”.

Maialenek zoritxarreko eguna gogoan du: “Egun arraro bat izan zen, atzeratutako partidu bat zen… eta partidua bukatzeko 10 minutu baino ez ziren falta lesioa sufritzean”.Zorigaiztoko eguna “batzuetan gogora etortzen zait, baina egun hura iragana da, eta orain aurrera begiratu behar dut”.

Lesionatu zenetik “animo ugari jaso ditut, hainbat lagun etxera bisitan etorri zaizkit, eta whats app bidez ia egunero kontaktuan gaude”.Errekuperazioa luzea izango da, eta zoritxarrez “futbola utzi beharko dut eta gogorra egiten zait baina beste kirol eta jarduerekin gozatuko dut”. Izan ere, Maialen kirolzalea dugu.

Atzo taldekideek egin zioten omenaldiak hunkitu egin du: “Ez nuen omenaldia espero, nire taldekideak txoroburu batzuk dira” adierazi du txantxetan eta esker onez, “oso polita izan da eta denagatik eskerrak ematen dizkiet”.

Omenaldiaren ostean Amara Berriren aurkako partidua jokatu da, eta Mondrak 3-1 irabazi du. Gaurko denboraldiko azken partidua zen, eta beraz zapore onez amaitu du 2015/2016 denboraldia.

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=2296676&menuId=6552699&onlypath=true