6 fitxaketa ilusioa sortu asmo duen talde batentzat

6 fitxaketa ilusioa sortu asmo duen talde batentzat

Testua eta Argazkiak: Jokin Etxebarria; 2016/07/23

 

595_Mondra2

Aurreko denboraldia festa eran amaitu zuen Mondrak, Erregional Preferentetik Ohorezko Erregionalera igota. Askok Arrasateko taldea egon behar den gutxieneko mailara igo zela uste eta esan zuen orduan. Hori demostratzeko garaia hasi da orain eta hasi aurpegi berriekin hasi da gainera, gaur aurkeztu baititu talde zuri-moreak datorren denboraldiari begira fitxatu dituen 6 jokalariak: Ioritz Aginagalde, Asier Sanchez «Sancho», Oihan Rodriguez, Ander Arroyo, Julen Etxaniz eta Julen Valle. 6 horietatik 4 gainera arrasatearrak dira, bestea eibartarra eta azkena azpeitiarra.

Josu Etxebarria taldeko kirol zuzendariak adierazi digunez, taldea itxita gelditzen da fitxaketa hauekin eta gainera «oso pozik gaude egin ditugun fitxaketekin, uste dutilusioa piztu dezakegula, nahiz eta helburua mailari eusteak izan behar duen, batez ere kontutan hartuta iaz igo ziren guztiek galdu dutela maila». Jokalari gazteak eta esperientziadun batzuk tartekatzen jarraitzeko aukera edukiko du Josu Zubiak, fitxaketak ere bide horretatik joan direlako eta Ander Ruiz de Azua bezalako jokalariek jarraituko dutela adierazi dutelako. «Genituen beharrak aztertuta fitxatu ditugu jokalariak eta gainera asko etxera bueltatzen direla ikusita, gustura gaude» dio Etxebarriak. Atezain bat, hiru atzeko jokalari eta bi aurrelari guztira: «atezainaren beharra zen, eta Ioritz gure aurkaria izan da aurten, Josuri asko gustatzen zitzaion eta aukera edukita ez genuen zalantzarik eduki. Zabaletak taldea utzi eta gero, Oihanen etorrera oso ondo datorkigu, nahiz eta berez beste hegalean jokatzen duen normalean, zentralak beti dira beharrezko eta Asier Sanchezen aukera opari bat da guretzat, bere esperientziadun jokalari bat, hainbeste taldetan jokatu duena eta gainera herriko taldean gauza garrantzitsuak egiteko gogoz dagoela jakinda».

 

Taldeak abuztuaren 15ean hasiko du aurre-denboraldia eta 3-4 lagunarteko partida jokatzeko asmoa dauka, bigarren taldearen aurka entrenamendu forman jokatuko dituenez gain. Abuztuaren 20an jokatuko du lehen lagunartekoa Zubietan Aitor Lopez Rekartek entrenatzen duen Deustoren aurka. Azkena berriz, Irailaren 3an jokatuko den Villa Arrasate txapelketa triangularra izango da, Hamaika Bat eta UDA izango direlarik aurkari. Guzti hau, Irailaren 10-11ko asteburuan hasiko duen denboraldiari begira ahalik eta hobeen egoteko asmoz.

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=9214136&menuId=6552699&onlypath=true