Mondrak Hernaniri irabazi dio eta sailkapenean aurreratu du

Mondrak Hernaniri irabazi dio eta sailkapenean aurreratu du

Mondraberri – Gontzal Landa Herbias 2018/01/07

Gabonetako jaiegunen ostean, Mondra lehiaketara itzuli da gaur arratsaldean, Mojategin hotz handia egiten zuela.

Hernani sailkapenean arerio zuzena du, eta aurreikusi bezala, partidu oso parekatua izan da. Jorge Davilak ondoko hamaikakoa berdeguneratu du partiduari ekiteko:

  • Markel Perez
  • Aiti
  • Aranba
  • Goros
  • Gonzo
  • Uribe
  • Etxebe
  • Arripu
  • Gorka
  • Santxo
  • Andoni

Norgehiagoka parekatua izan den arren, Xabi Arrizabalagak ‘Arripu’k lehen gola sartu dulehen zatian.

Bigarren zatiak ere pareko jarraitu du, eta Mondra aurretik joan arren, erasoko jokoari eutsi dio.

Gorka Erañak falta maisuki jaurti du, Gorostolak aldaratzea baliatu du eta Julen Aranbarrik baloia ukitu du sareratu aurretik. 82. minutuan izan da.

Hernaniko jokalariek jokoz kanpoagatik gola baliogabetzea eskatu dute, baina epaileak erabakiari eutsi dio. Arbitroak, gainera, jokalari hernaniar bat kanporatu du protesta egiteagatik.

Zaletu zuri-moreek pozarren hartu dute lasaitasunaren gola. Hernanik gora egin du, eta gol aukerak izan ditu, baina Mondrako defentsa eta Markel Perez atezaina ezer ezean uzteaz arduratu dira.

Bigarren zatian taldeari hauspoa eman diote Pavon, Markel Gonzalez, Ander Arroyo, Valle eta Crespok.

Azken emaitza, beraz, Mondrak 2, Hernanik 0. Jorge Davilaren taldea 4. postuan jarri da liderrarengandik 3 puntura probisionalki.

Aurten ekipoa frogatzen ari da liderrei eta goiko postuko beste taldeei irabazteko kapaz dela. “Garaipen horiek beharrezkoak ditugu, lehiatu behar dugu, gu ere goiko postuetan ibiltzeko”, baieztatu du Jorge Davila entrenatzaileak.

Horretarako “etxeko partiduetan bereziki ahalegintzen gara talde bizi-bizia izaten, eta horretarako mutilak gogotik ari dira lan”.

Jaiegunen ostean taldearen sasoia baloratu du: “Abenduaren 26ko astean lan egin genuen, baita hurrengoan ere, ezin baikara despistatu. Taldekideak lan oso ona egiten ari dira”.

Datorren asteburuan Vasconiaren etxean jokatuko du, sailkapeneko 13. postuan dagoen taldea.

“Baina postuari begiratzen badiogu, eta konfiatzen bagara, edozein taldek irabaz gaitzake. Gakoa da guk ahalik eta maila gorenean jardutea”.

Entrenatzaileak eskertu du “hotz handia egin arren, zaletuak Mojategira etortzea, eta uste dut taldeak eskertu egiten dio berdegunean dena ematen. Esfortzu horrek, aldi berean, zaletuak Mojategira etortzera animatzen ditu”.

www.mondraberri.com