Lehen postuaren zelatan jarraitu nahi du Mondrak

Lehen postuaren zelatan jarraitu nahi du Mondrak

Testua eta Argazkiak: Mondraberri 2016/03/20

 

Igoeraren ametsarekin jarraitzeko sei partida dauzka oraindik aurretik Mondrak. Lehen postuari heltzea benetan du zaila, Debako Amaika Bat taldeak 8 puntu ateratzen baitizkio eta beraz, bigarren postua zenbait eta arinen ziurtatzea behar dute Josu Zubiaren mutilek. Horretarako asteburu honetako jardunaldia oso garrantzitsua zen. Batetik, Mondrak, bosgarren sailkatu Ikasberriren kontra jokatzen zuelako eta bestetik, Bergarak eta Urolak, hirugarren eta laugarren sailkatuek hurrenez hurren, elkarren kontra ariko zirelako. Bada, asteburu borobila izan da zerragileendako, beraien partida aurrera atera dutelako batetik eta Bergarak eta Urolak berdindu egin dutelako. Beraz, hirugarren postuan dagoen talde mahoneroa 4 puntura dute orain.
Asteburu borobila bai, baina ederto sufritutakoa. Kosta egin zitzaien, eta asko, Josu Zubiaren mutilei gol bat sartu ahal izatea atzo. Ikasberrik gauzak argi zituela irten zuen Mojategiko zelaira: atzean sendo aritu, aukera gutxi jasotzen ahalegindu eta erasora begira eduki zitzaketen aukera apurrei zukua ateratzen saiatu. Eta azpeitiarrek eduki zituzten bi abagune garbi: bata lehen zatia amaitzear zela eta bestea bigarrenaren 12. minutuan. Zorionez ez zituzten sartu.
Egiari zor, bai aurreneko zatian eta baita bigarren zatiko minutu gehienetan ere, talde batek jokatu eta jokoa sortu nahi izan bazuen, hori Mondra izan zen. Hasieran ezkerretik sartuz ahalegindu ziren aukerak sortzen, gero eskuinetik…zelai erdiaren jabe ziren arrasatearrak. Baina gola ez zen iristen eta horrek urduritu egin zuen taldea. are gehiago bigarren zatiko lehen minutuetan azpeitiarrak gora etorrita partidaren jabetza hartzen hasi zirenean. Zorionez, 65. minutuan eta Rodriguezek berreskuratutako baloi baten ondotik, Aizpurua anaiek arratsaldeko gol bakarraren jokaldia sortu zuten. Rodriguezek eskuinetik ezkerrera zabaldu, Andoni Aizpuruak egundoko jokaldia eginez, fondoko marrara arte iritsi zen area barruan eta atzera pasea bikain eman, bere anaia Mikelek atzetik etorrita baloia saretara botatzeko. Poz ikaragarria piztu zuen harmailetan golak, baina hiru puntuen garrantziak kezkatuta edo, taldea geroz eta atzerago sartu zen. Horrek Ikasberriri berdinketaren bila aurrera jotzeko aukera eman zion. Hala ere Mondra oso ondo ibili zen defentsa lanetan eta azkenean hiru puntuak etxean gelditu ziren.
Orain atseden hartu eta bateriak kargatzeko 15 egun edukiko dituzte jokalari arrasatearrek. Beharko dituzte, txapelketako azken txanpa benetan gogorra izango baita.

 

781_MondraIkasberri5

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=1110851&menuId=6552699&onlypath=true