Hil ala biziko partida Mondrarentzat

Testua Jokin Etxebarria; Argazkia: Mondra; 2016/05/05

 

Liga amaitzeko azken bi finalak gelditzen zaizkio Josu Zubiak zuzentzen duen taldeari, azken bi finalak playoffa jokatu ahal izateko. Zestoan larunbatean jokatuko duten partidan ezin dute hutsik egin zuri-moreek, atzetik datozen Bergarak eta Urolak sailkapenean aurre ez hartzeko. Horregatik, autobusak antolatu dituzte klubetik bertara joateko.

Erregional Preferenteari bi jardunaldi besterik ez zaizkio gelditzen liga erregularra amaitzeko eta igoerarako kontuak, baita playoffa jokatzeko, gori-gori daude. Amaikak Bat liderrak 65 puntu ditu eta puntu bakarra ateratzearekin nahikoa dauka lehen postuan amaitzeko. Bigarren dago Mondra 59 punturekin eta denboraldi guztian goian ibili eta gero, playoffa jokatzea du helburu. Horretarako baina, bigarren postuan amaitu beharra dauka eta egiari zor, bere esku baldin badauka ere, jokalariek gainean duten tentsioa baretzea ez da erraza. Tentsioa, hirugarren Bergara 58 punturekin dagoelako eta laugarren Urola 57rekin. Beraz, ezin dute huts egin zuri-moreek.

Egutegia ere ez dute erraza Josu Zubiaren mutilek. Larunbatean Zestoan jokatu beharko dute eta zelai hori beti izan da desatsegina eta deserosoa aurkari guztiendako. Horregatik, jokoan dagoen guztiagatik eta etxean bezala egoteko nahiarekin, Klubak autobusak antolatu ditu zaleentzako bertara partida ikustera joan eta zuri-moreei behar duten bultzada emateko asmoz. Planera apuntatzeko, bihar ostirala, arratsaldeko 18:00ak baino lehen mondrafc@gmail.com helbidera mezua bidaltzearekin nahikoa izango da. Autobusaren irteera ordua eguerdiko 14:30tan izango da, partida 15:30tan.

Hurrengo astean, etxeko azken partidan, Urola laugarren sailkatua hartuko du Mondrak Mojategin. Asteburu honetan Bergarak Amaikak Bat liderra hartuko du Agorrosinen. Baina besteen emaitzak eta datorren asteko kontuak aztertzen hasi aurretik etxeko lanak eginbehar ditu Mondrak eta etxeko lan horiek erraza dira oso: Zestoan garaipena lortzea.

 

escudo mondra

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=4964449&menuId=6552699&onlypath=true