Ramon Azkaratek Euskal Selekzioko delegatu lanak egiten ditu

Ramon Azkaratek Euskal Selekzioko delegatu lanak egiten ditu

Iturria: Mondraberri Argazkiak: Ramon Azkarate – Euskal Federazioa / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2016ko urtarrilak 5, asteartea
Arrasatear honek harreman sendoa dauka futbolarekin: Mondrako Zuzendaritzan parte hartzeaz gain, Gipuzkoako eta Euskadiko Futbol Federazioetako kide da, eta 3 urte daramatza gure selekzioko delegatu zereginetan.

595.Selekzioarekin.1.RAMON-AZKARATE (id: 9321476)

Ramon Azkarate Lizarralde arrasatearrak egun futbolarekin harreman sendoak ditu, nahiz eta gaztetan eskubaloian jokatu zuen, bai Arrasateko taldean, baita Eibarko Arraten ere.

Bere semeek futbola nahiago izan zuten, eta herriko klubek jokalarien gurasoen laguntza behar izaten dutenez, Mondrako Zuzendaritzan parte hartzeko konbentzitu zuten.

“Hasieran nire asmoa laguntzea zen, baina uste dut hori baino gehiago egin dudala”, eta arrazoia dauka:

Mondrako Zuzendaritzako bi etapatan parte hartu du (gaur egun horretan jarraitzen du), Gipuzkoako Futbol Federazioko Zuzendaritzako kide da eta Euskadiko Futbol Federazioko Zuzendaritzan dihardu.

Gainera, euskal federazioak bera izendatu zuen Euskal Selekzioako delegatu bezala, eta 3 urte daramatza zeregin horretan.

Ondorioz, gure selekzioaren espedizioko parte izan da Gabon hauetan ere, Kataluniaren aurka jokatutako partiduetan.

595.Bankilloan.1.RAMON-AZKARATE (id: 9393145)

 

Gainera, delegatua denez, norgehiagoka Camp Nou-ko bankillotik bertatik jarraitu ahal izan zuen.

51.000 zaletu baino gehiagok ikusi zuten partidua bertatik bertara: “Camp Nouko bankillotik giro oso ona ikusten zen, baina aurten ikurrin gutxiago ikusi dira tamalez”.

Zein da delegatuaren funtzioa? “Entrenatzaileak eta oro har talde teknikoa arduratzen dira futboleko gauza teknikoez, taktikez, estrategiez,… Ni arduratzen naiz bidaia antolatzeaz, hotelarekin izan beharreko harremanetaz, ordutegiez, gonbidapenez,… Orokorrean nire lana da espedizioak futboletik kanpo behar dituen gauzak lortzea”.

Kontuan hartu behar da 22 jokalariko espedizioa dela, eta beraz, lan exijentea dela neurri batean behintzat: “Jokalari batzuk lasaiak dira, beste batzuk gauza gehiago eskatzen dituzte, baina ez dute beste munduko ezer eskatzen”.

Kontuan hartu behar da “jokalariek Euskal Selekzioarekin ezer kobratu barik jokatzen dutela (selekzioarekin jokatzen dute eurek gura dutelako), eta beraz gu ahalegintzen gara eurei erraztasunak ematen, pozik egon daitezen”.

Delegatuak futbol zelai barruan ere badu zeregina: “Euskal Selekzioaren aldaketak antolatzea adibidez. Maila txikiagoko taldeetan fitxak erabiltzen dira, baina maila honetako partiduetan datuak informatizaturik dauzkate”.

Ramon Azkaratek gizonen partidua oso positiboki baloratu du: “Talde oso lehiakorra eraman dugu, eta Kataluniako selekzioa oso ona den arren, eta han jokatu dugun arren, 0 eta 1 irabazi dugu”.

 

595.Etxarrirekin.1.RAMON-AZKARATE (id: 9446680)

 

Gainera, “atzerriko ligetan diharduten jokalariek (Xabi Alonso, Javi Martinez,…) gurekin jokatu ahalko balute, kriston selekzioa osotuko genuke”.

Ramon Azkaratek baloratu du Kataluniako Antolakuntzaren lana: “Jai giroa sustatu dute, trofeo bat prestatu dute, baita su artifizialak ere, eta ikuskizun oso polita izan da”.

Era berean, emakumeen Euskal Selekzioak egindako partidua ere oso positiboki baloratu du: “Taldea oso ondo ikusi dut, pena da Nekanek lesio larria izatea, eta ondorioz hilabete ugari zelaietatik kanpo egon beharko du, baina orokorrean selekzioa bigarren zatian eta penaltietan Kataluniari nagusitu zaio”.

Gizonetan eta emakumeetan irabazi ondoren, “txatarra ugarirekin itzuli gara – adierazi digu umoretsu Ramonek – kopak gurekin ekarri ditugu”.

Baina ez zen samurra izan, egun gogorra izan zen: “Goizean goiz atera ginen, Lezaman entrenamentu txiki bat egin zuten, ondoren hegazkin bidaia Bartzelonara egin genuen, aireportutik zuzenean hotelera, segituan bazkaria, siesta txiki bat, solasaldia, norgehiagokak eta gaueko hegaldiaren ostean, goizaldeko 5:00ak aldera iritsi ginen”.

Hemendik aurrera, Euskal Federazioak espero du Euskal Selekzioak denboraldiaren bukaeran beste partidu bat jokatu ahal izatea.

Ofizialtasuna lortzea “oso zaila da baina gu saiatuko gara partiduekin, zarata pixka bat eginda,… Urteko partidu bat edo bi jokatzen ahaleginduko gara. Eusko Jaurlaritza ere ahaleginetan dabil, laguntza ematen digu partiduak antolatu eta aurrera eraman ditzagun”.

“Denon erronka da ofizialtasuna sustatzea, bakoitza bere esparrutik, eta horrela akaso egunen baten lortuko dugu Euskal Selekzioa ofizialki lehiatzea”.

Bidenabar, Ramon Azkaratek arrasatearrak animatu gura ditu Mondraren partiduetara bertaratzera: Talde zuri-morea bigarren postuan doa, eta boladan onean gainera.

 

595.Koparekin.1.RAMON-AZKARATE (id: 9514386)

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=969508&menuId=6552699