Mondra-Urola, zapatuan 17:30tan

Testua eta Argazkiak: Jokin Etxebarria; 2016/05/12

 

Igoerako playoffa jokatzeko azken finala edukiko du Mondrak zapatuan 17:30tan Mojategin. Urolak irabazten badu aukerak edukiko ditu arrasatearren helburu berdina lortzeko, baina Josu Zubiaren mutilek euren esku dute eta badakite euren lana egin ezkero bigarren sailkatuta amaituko dutela.

 

590_Mondra1

 

Bergaran galdu zuenetik finaletik finalera ibili da Mondra eta guztietan garaile irten da orain arte. Irabaztera behartuta ikusi dute euren burua zuri-moreek igoera playoffa jokatzeko txartela ematen duen bigarren postuan mantendu ahal izateko. Larunbatean izango dute azken finala eta Mondraberri.eus taldeko bi kiderekin egon da, bi beteranorekin: Ander Ruiz de Azua atezaina eta Iker Lopez kapitaina.
–    Zapatuan Urola, hil ala bizi.
Iker:
Bai, partida berezia da asko dugulako jokoan, bai guk eta baita beraiek ere. argi daukaguna da guk gure esku daukagula eta gure lana egiten badugu helburua beteko dugula. Merezi dugula uste dut gainera, denboraldi guztian hor goian ibili eta gero ez litzateke justua izango azken partidan kanpo gelditzea. Garrantzitsua izango da denborak eta emozioak kontrolatzea.
–    Azken partidetan behintzat ondo kudeatu duzue. Beteranoen lana igartzen da?
Ander:
Ez dakit igartzen den edo ez. Esango nuke talde honek daukan onena dela elkarrekin bizpahiru urte daramatzagula eta elkarrekin hazi garela. Gu saiatzen gara gure laguntza ematen eta uste dut gazteek kontutan hartzen dutela. Azken partidetan funtzionatu du, ia zapatukoan ere funtzionatzen duen.

 

–    Lasai asko hitz egiten duzue, baina dagoen parekotasuna jarraitzaileentzat emozioa sortzen duen arren, jokalarientzat ez da psikologikoki eramaten xamurra izango.
Iker:
Pixka bat gogorra bada, presioa sortzen duelako, baina gure jokoa egiten bagenuen gauzak aurrera aterako genituela bagenekien. Azken bost partidetan adibidez gol bakarra jaso dugu eta dezente sartu ditugu kontrara.

 

–    Ez dakit zurrumurrua den bakarrik, baina Mondrak bezain ondo inork jokatu ez duela diote askok.
Iker:
Egia da denboraldi oso ona egin dugula. Zenbakiak begiratu besterik ez dago, 19 garaipen, 5 berdinketa eta 5 porrot besterik ez. Gainera oker ez banaiz, 70 bat gol sartu ditugu (talderik goleatzaileena da) eta hogeita gutxi jaso ditugu.
–    Zuen ibilbidea futbolean eta Mondran luzea da, ez dakit amaitzear gertu dagoen, baina taldea mailaz igota ikusteak nolabait aseko zintuzkete, ezta?

Ander: Noski, nik gainera tamalez jaisteko igotzeko baino kanporaketa gehiago jokatu behar izan ditut eta berezia litzateke taldearekin igo ahal izatea. Lana txukun egin dugu eta igotzea sari polit bat litzateke egindako lanari.
–    Azken igoera gertutik bizi izan zenuten zuek. Ander, Bergaran jokatzen zenuen, Iker zu talde barruan zeuden. Ordukotik ezberdintasunik?
Iker:
Sentsazioei dagokienez ez gehiegi, baina orduan aurrenak gelditu ginen eta ez genuen playoffik jokatu behar izan. Gogoan dut azken partida Atxabalpen izan zela eta garaipena ederki ospatu genuen. Ia aurten errepikatzen den.
Ander: Ni ez nengoen taldean baina taldeko asko lagun ditut eta barruan egongo banintz bezala bizi izan nuen eta esango nuke ezberdintasunak baino gehiago direla antzekotasunak. Talde horretan gazte asko zeuden, beterano batzuekin uztartuta, bigarren koadrila baten antzekoa zen, giro bikainarekin… eta aurten ere berdina gertatzen da. entrenatzailea ere bera da, azken aurreko partida etxetik kanpo jokatu eta jende mordoa joan zen animatzera, azkena daukagu etxean… antzeko egoerak dira.

–    Eta zaleei deiren bat egin nahi diezue?
Iker
: Badakigu jende asko etorriko dela, asko dagoelako jokoan eta partida berezia delako. Eta Mojategi beteta dagoenean asko igartzen du taldeak. Hemen sortzen den giroak asko laguntzen digu eta espero dugu zapatuan ere horrela izatea.
Ander: gainera ordu ezin hobea da, bazkaldu, siesta bota, partida eta gero Musakolako jaietan murgildu (barre). Eskatzen dugun bakarra da animoak ematea, galtzen, berdintzen edo irabazten joanda ere, zelai barruan asko igartzen delako zaleek egiten dutena.

 

http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=2184625&menuId=6552699&onlypath=true