Ez galtzea helburu nagusi moduan

Testua: Jokin Etxebarria; Argazkiak: Mondraberri; 2016/05/19

 

Igoera playoffeko lehen partida etxetik kanpo jokatzea egokitu zaio Mondrari. Sanpedrotarra talde beterano eta gogorra da, horregatik Arrasatetik autobusak antolatu dira zaleek zuri-moreei behar duten bultzada eman ahal izateko.

 

595_Mondra

 

Iritsi da denboraldi hasieratik amestutako unea: igoera jokatzeko momentua. Eta helburu hori lortzeko Mondrak Sanpedrotarra baino indartsuagoa dela erakutsi beharra dauka. Zozketak horrela erabakita, lehen partida Trintxer futbol zelaian jokatzea egokitu zaio, zapatuan 15:30tan. Zelai txikia eta Mondraren ezaugarriendako bat ere aproposa ez dena. Hazten jarraitzeko beste proba gogor bat izango dute beraz Josu Zubiaren mutilek.

Partida ez da horregatik bakarrik zaila izango. Sanpedrotarrak bere multzoko bigarren gelditu da 68 puntu lortu dituelako (Mondrak baino 3 gehiago), 20 partida irabazi, 8 berdindu eta 2 bakarrik galdu eta gero. Pasaia San Pedrokoek 78 gol sartu dituzte eta 41 jaso, beraz esan daiteke gol asko egoten direla jokatzen dituen partidetan. eta agian hori ez da txarra mondragoetarrentzat, beti ere partida galtzen ez duten bitartean. Joan-etorriko kanporaketa dela kontutan hartuta, gol askoko berdinketa batek Arrasatekoen alde joka dezake. Hori bai, lehen helburua partida ez galtzea izango da, itzulerako partidan, etxean lanari erremate ona eman ahal izateko.

Arrasatekoen gaztetasunak talde beterano baten aurka egin beharko du. limitera jokatzen duen talde baten kontra, joko oso zuzena erabiltzen duena eta estrategia jokaldietan benetan arriskutsua dena. baina badauka handicap bat Pasaiako taldeak, 11 jokalarirekin jokatzen duela ia-ia, hau da ia beti berdinak daudela zelai gainean, eta hori dela eta 60. minututik aurrera sufritzen hasten den taldea dugu. Hori oso kontutan hartu beharko dute Josu Zubiaren mutilek, kontzentratuta jokatu eta pazientzia eduki.

Asko dago jokoan partida honetan eta horregatik klubetik autobusak antolatzeko ideia sortu da. Arrasateko zaleek euren mutilei behar duten bultzada eta laguntza eman ahal izateko bidaia antolatu da 2 euroan. Autobusa 14:00tan irtengo da eta izena emateko mondracf@gmail.com era mezua bidaltzearekin nahikoa da.