Kiroltasuna nagusi Txelis Memorialean

Kiroltasuna nagusi Txelis Memorialean

Mondraberri – Testua, argazkiak eta bideoa: Hasier Larrea / 2017ko abenduak 30, larunbata

Txelisen Memorialak 11 edizio bete ditu jada. Hutsik egin ezin dezaketen zita da Gipuzkoako Infantil txiki mailako taldeentzat, batez ere. Gertuko talde ugari izan dira gonbidatuak aurten ere, tartean UDA, Aloña Mendi, Bergara, Beasain, Zumaiako, Lagun Onak, Anaitasuna edo Reala bera.

Etxekoek hiru talde osatu dituzte Futbol 7ko lehiaketa honetan. Mondra osasun betean aurkitzen da harrobiari dagokionez, baina gaur ezin izan du talde bakarrak ere lehen fasea gainditu.

Final erdietan Realak aise gainditu du Aretxabaleta, nahiz eta gure bizilagunek irudi benetan txukuna erakutsi duten uneoro. Ondoko zelaian Beasainek lortu du finalerako txartela Zumaiakori irabaziz.

Finala hutsean amaitu da, nahiz eta Realak bere zelaian sartuta eduki duen Beasain. Azkenerako, atezainek euren onena eman behar izan dute penaltietan. Beasaingo atezainak bi penalti gelditu ditu, eta trofeoa Goierri aldera joan da amaieran.

Edonola ere, gaztetxo guztiek oso irudi ona erakutsi dute. Mondrako zuzendaritzak esker oneko hitzak eduki ditu sari banaketaren aurretik torneoan parte hartu duten jokalari, entrenatzaile, epaile, guraso eta ikusleentzat. Tradizioari eutsiz, urtea sasoitsu amaitu dute Mojategin.

http://www.mondraberri.com/